XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaitasun soziokulturala

Gaitasun soziokulturala esatean hauxe adierazi gura dugu: komunikazioaren testuinguru sozial eta kultural orokorraren barruan, hiztunari mezuak egokiro adierazteko modua ematen dioten ezagutzak, hizkuntzaren erabilera desberdinei lotutako faktore pragmatikoen arabera.

Faktoreok konplexuak dira eta elkarren arteko harremanetan daude, hizkuntza ez delako komunikazioa kodetzeko sistema bat beste barik; aitzitik, gizabanakoaren nortasunaren parte bat ere bada, bai eta antolamendu sozialaren kanalik garrantzisuena ere, berori erabiltzen duen komunitatearen kulturan txertaturik dagoena.

Nunan-ek adierazi duenez (1992), hizkuntza bere testuinguru sozial eta kulturalean aztertuz bakarrik lortuko dugu hizkuntza eskuratzearen itxurazko paradoxaz jabetzea: zeharo prozesu pertsonala izanda, aldi berean guztiz soziala izatea. (23. orr.).

Hizkuntz ikasleek konplexutasun horrekin egiten dute topo H2az ikasitakoa benetako bizitzako komunikazioan aplikatzen hasi orduko, eta aurreneko saioak desastrosoak izan daitezke: "kulturaz aparteko, kontestuz kanpoko eta sarri askotan are esanahirik gabeko irakaskuntzak (Damen, 1987, xvii) oraindik ere zabalduegi dagoenak hizkuntza arrotzen irakaskuntzan mundu osoan barrena ez ditu ikasleak prestatzen bizitza errealeko erabileraren konplexutasunari modu efizientean aurre egiteko.

H2ko ikasleei ikustarazi beharko litzaieke hankasartze sozial edo kultural batek askoz ere haustura larriagoak ekar ditzakeela komunikazioan, hizkuntzazko akats batek edo hitzen bat ez jakiteak baino.

Hala ere, alderdi soziokulturalaren kontzientzia piztea ez da erraza, arau soziokulturalak eta portaera normal edo onargarriaren arauzko ereduak ez direlako oraindik egokiro analizatu eta deskribatu (Savignon, 1983, Wolfson, 1989).

Deskribapen onak edukita ere, erregela eta arau soziokulturalak hain daude gure identitatean (eta ikaslearenean) sakon txertatuta, non gaitza baita portaera aldatzea suposamenduen sorta berri batean oinarrituz.

Aldagarri soziokultural garrantzitsuenak lau kategoria nagusitan banatu ditugu (ikus .4 taula).

Aldakien lehen sorta, faktore soziokontestualak, interakzioaren partaideei eta komunikazioa gertatzen den egoerari dagozkio.

Gauza jakina da honako eragileok erabakitzen dutela mintzaideek zelan egiten duten berba eta zelan hitz egiten zaien eurei: adinak, jeneroak, ogibideak (lanbideak, mailak, eta posizio publikoak) estatusak (gizarte-mailak), euren arteko distantzia sozialak eta elkarrekiko harremanek (bai boterearen eta bai afektuaren araberakoek) (cf. Preston, 1989; Brown eta Levinson, 1987).

Egoerari lotutako aldagarrien artean honako hauek ditugu: interakzioaren ezaugarri tenporalak eta fisikoak (ordua, iraupena, lekua), bai eta egoeraren ikuspegi soziala ere (adb., festa formal bat).

.4 taulan ageri den bigarren taldea egokitasun estilistikoaren faktoreak izenekoa dugu.

Bertan biltzen dira era esplizituan irakatsi ahal diren aldagarriak.

Gizabidearen estrategia garrantzitsuenak oso erraz aurkeztu ahal dira hizkuntza irakasteko input gisa (van Ek eta Trim. 1991; Dô*rnyei eta Thurrell, 1992) eta estilo eta erregistro desberdinen ezaugarri nagusiak ere laburtzeko eta ikasleen aurrean aurkezteko modukoak dira.